BERE IBILBIDEA
Zerrenda
Por EAJ-PNV
Jon Ander Aurrekoetxea izango da Lezamako EAJ-PNVk herriko alkatetzara aurkeztuko duen hautagaia, maiatzean ospatuko diren udal hauteskundeetan. Aurrekoetxea da gaur egun Udal honetako zinegotzia eta Hirigintza eta Jaiak arloen ardura darama legegintzaldi honetan. Lezamar honek bi legegintzalditan herriko alkate izan den Alaitz Etxeandiaren lekukoa hartzea espero du.
Aurrekoetxeak "errespetu eta ilusio handiz" hartu du erronka. Argi dauka kudeaketa lan onaren gakoa dela "lan talde ona" izatea "eguneroko lanari behar bezala ekiteko". Zentzu horretan azpimarratu du lan ildo horren ardatz nagusia dela hiritarrengandik hurbil egotea. "Herrikideen ondoan egon behar dugu, kalean", azaldu du .
Aurrekoetxeak elkarteen indarra azpimarratu du eta arlo horrekin batera, bere egitasmoaren barruan landu nahi ditu kultura eta herritarrenganako harreman hurbila. Aurrekoetxea zinegotzia da eta badu eskarmentua udal kudeaketa lanean. Azpimarratu nahi izan du bere lana herrikideengandik hurbil burutuko duela, eta ahaleginak egingo dituela herrikideekiko harreman hurbilak lantzen.
Jon Ander Aurrekoetxea argiketaria da lanbidez eta Lezaman ‘Txo’ ezizenez ezagutzen dute. "Lezamako herriaz zerbait azpimarratu beharko banu, eta hori niretzat oso zaila dela argi utzirik, hori izango litzateke herrikideen artean dagoen harreman estua dela; herri txikia gara eta denok ezagutzen dugu elkar. Gustuko dut kalera joatea eta pertsona guztiak beren izen eta abizenekin ezagutzea eta agurtzea".