BERE IBILBIDEA
Zerrenda
Por EAJ-PNV
Javier Bilbao izango da maiatzaren 24an ospatuko diren udal hauteskundeetan Urdulizeko jeltzaleek aurkeztuko duten hautagaia, orain duen karguan bigarren legegintzaldiari ekiteko helburuarekin.
"Pozgarria izateaz gain, ohore handia da niretzat nire alderdikideek erakutsi didaten konfiantza eta babesa, berriro ere alkate izateko aukera izan dezadan", azaldu du Bilbaok. Adierazi duenez ilusioz beteta dago erronka berri honi aurre egiteko orduan.
Bilbao alkate egin zen 2011 urtean Juan Olearen txanda hartu ondoren. Olearekin alkateorde eta konfiantzako gizon izan zen 2007 eta 2011 urte bitartean, eta ordutik datorkio Udala eta udalerria horren ondo ezagutzea.
Javier Bilbao hautagai jeltzalea gestio informatikan aditua da lanbidez, ezkondua da eta bi seme ditu. Bere hitzetan, agintaldi honetan geratzen zaion denboran nahi du "martxan jarri diren egitasmoei jarraipena ematea eta duela hiru urte Alkatetzara iritsi ginenean hasitako bideari ekitea".
Bide-orri hori litzateke Urdulizeko alkate egingo balitz bigarren agintaldi bati aurre egiteko orduan erabiliko lukeena. Bilbaok argi utzi nahi izan duenez "une honetan, inoiz baino gehiago, jendearekin egon behar da eta arazoak konpontzen lagundu behar da".
Horregatik, enplegua sortzea izango da Urdulizeko EAJ-PNVren udal taldearen egitekorik nagusienetakoa, Behargintza erakundearekin batera. Baina, ez hori bakarrik "herriak egunero dituen beharrak ahaztu gabe eta gure herrikideen bizitza kalitatea hobetzeko ahalegina eginez", amaitu du.