BERE IBILBIDEA
Zerrenda
Por EAJ-PNV
Alberto Aranzibiak ondo baino hobeto daki zerbitzu publikoa zer den, lan taldean aritzea eta egitasmo batekin konpromisoa hartzea. Zaldibargo EAJ-PNV-ren Uri Batzarrak ezaugarri horiek guztiak hartu ditu kontuan, Aranzibia alkatetzara aurkezteko orduan. Zaldibargo alkategaiak hainbat ardura eraman izan ditu orain arte. Bi legegintzalditan, 1983 eta 10991 urte bitartean, Zaldibargo zinegotzi izan zen; bederatzi urtetan EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren presidente izan zen (epe ezberdinetan); diruzaina izan da, Uri Epaimahaiko kide, Herrialde Batzarreko ahaldun.... eta hori guztia bere lanbidearekin uztartu izan du urteotan; Aranzibia Ingeniari Tekniko Industriala da eta Lan Arriskuetarako Prebentzioko Goi Teknikaria. Gaur egun erretiratuta dago .
Maiatzaren 24ko hauteskundeetan irabazle irteten bada, alkategaiak argi dauka Zaldibarren erronka nagusienetakoa dela "lantalde trinkoan aritzea, bakoitzak bere funtzioekin, hartutako konpromisoak betetzeko eta zaldibartarren beharrei erantzuna emateko" .
Bere helburuen artean dago leihatila bakarra irekitzea herritarrek toki administrazioarekin egin behar dituzten izapideak errazteko; Eusko Jaurlaritzarekin batera, eskolak handitzeko eta berriztatzeko lanak martxan jartzea; Ospitale Psikiatrikoko parkea eraberritzea eta osasun zentroa beharrizan errealetara egokituz; kultur etxe berria egitea sustatzea; osasun zentroa handitzea; alde zaharreko sarbideak hobetzea eta eskailera mekanikoak jartzea, eta auzoetan aldizkako bilerak egitea auzoen beharrei erantzuteko.
Alberto Aranzibiak azaldu du Zaldibar herrian gehien apreziatzen dituen gauzen artean dagoela bere tamaina. "herri txikia izateak herritarrengandik hurbil egoteko aukera ematen digu, bere eguneroko bizimodua ezagutzeko... Eta , zer esan paisaiaz! Inguru eta txoko zoragarriak ditugu gure ahalegin guztiekin zaindu behar ditugunak" . 68 urte ditu " ia 69" eta hautagai jeltzalea "pozik eta alabetaz harro" agertu zaigu. Bere baratzaz ere harro dago "gure familia hornitzeko beste jasotzen dugu; arrautza ekologikoak, barazkiak eta fruta ezberdinak jasotzen ditugu...". Naturaz aparte, Aranzibiaren zaletasunik handienetakoa da Eitzaga auzoan daukan Abeletxe baserria " urteetako lana egin dut baserria berriztatzen; nire etxea da, nire arbaso guztiena" esan du.
1.- Administrazioa jendartera hurbiltzeko helburuarekin, leihatila bakarra sortuko dugun konpromisoa hartzen dugu, horren helburua udal administrazioaren aurrean herritarren gestioak erraztea delarik.
2.- Bi hilabetetik behin, auzoekin bilerak izatera konprometitzen gara. Pertsonengana hurbiltzeko dugun konpromisoari jarraiki eta auzo bakoitzak dituen berezitasunak aintzat harturik, aldiro-aldiro bilerak izango ditugu.
3.- Eskola azpiegituren handitze eta eraberritze lanak. Eusko Jaurlaritzarekin batera, eskolak handitzeko eta eraberritzeko lanak bizkortzeko konpromisoa hartzen dugu.
4.- Ospitale psikiatrikoko parkearen egokitzea. Zaldibarren helburu nagusia, ospitale psikiatrikoko parke osoa egokitzea dela pentsatzen dugu. Eta ospitalea benetako beharrak asetzera bideratuko dugu.
5.- Kultur-etxe berria: Oinarrizkotzat jotzen dugu kultur-etxe berria sortzeko proiektua izatea. Kultur-etxe berriarentzako kokaleku ezberdinak aztertzeko eta proposatzeko konpromezua hartzen dugu.
6.- Doako WIFI sarea udalerri osoan. Komunikazioaren aroan gaudenez gero, jendarte osoak komunikatzeko aukera berdinak izan beharko lituzkeela uste dugu.
7.- Industrialderako sarbide berria bukatzea. Udalerriko mugikortasuna arintzeko aukera bakarra dela uste dugu. Jarduera honek Euskalerria kale osoa oinezkoentzako bihurtzea ahalbidetuko luke,garajeetarako sarbidea mantenduta.
8.- Osasun-etxearen handitzea.
9.- Alde Zaharrean irisgarritasuna hobetzeko asmo dugu, besteak beste, eskailera mekanikoak jarrita.
10.- Hiri hondakin solidoak (HHS)jasotzean planifikazio egokia egingo den konpromisoa. Birziklatze arloan egim den aurrerakada nabarmena da. Gure proposamena ildo horretan jarraitzea da, eta hori atez-ateko bilketa guztiz baztertuz.