BERE IBILBIDEA
Zerrenda
Por EAJ-PNV
Beñat Gorospe aukeratu dute lehenengo aldiz Otxandioko EAJ-PNV-ren Alkatetzarako hautagai izan dadin. Herriko Uri Buru Batzarrak, gainera, aho batez hautatu zuen hautagaitzaren buru izateko. Herriko gazte honen hitzetan, “ilusio handiarekin hartu dut alderdikideen hautagaitza eta nire herriaren alde egiteko prest nago”. Gorospek ez du inoiz udal-politikan lan egin, baina erronka berria “indar osoz eta gogoz beterik” hartuko du.
Une honetan Otxandioko UBB-ren lehendakaria den Beñat Gorosperentzat, etorkizunean sustatuko dituen proiektu guztiek “Otxandioko biztanleriak dituen arazoak konpontzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko xedeari erantzun beharko diote”. Gainera, herria hobetze aldera agintzen duen lana gauzatzeko “lan-talde gaztea eta, eta berean, esperientziduna” aurkezten du EAJ-PNV-k Otxandion. Izan ere, Gorospek azaltzen duenez, “gure lantaldeko kideek oso erro sakonak dituzte Otxandion, herriko elkarte desberdinetako partaide direlako, kultura zein gizarte arloko ekimenetan parte hartu ohi dutelako, edota kirol arloko taldeetan ere egondakoak direlako, besteak beste”. Hautagaiarentzat, horrek parte hartzerako joera argia erakusten du, hauxe baita EAJ-PNV-ren jarrera. “Gogotsu gatoz lan egiteko, herritarrekin berba egiteko eta esan behar digutenari entzun eta erantzuteko”, esaten du.
Herritargoarekin batera hileak lanean egon eta gero, Gorospek hainbat egitasmo zehaztu ditu bere hauteskunde-programan. Hona adibide batzuk: garraioa hobetu, ur hornikuntza eta araztegia egokitu; ume eta gazteentzat aisialdirako proposamenak eskaini, gazteek antolatu eta jorratutako ekintzak bultzatuz; herriko kirol eta kultura taldeentzako laguntzak mantendu; kirola sustatu, herritarrekin kirol instalazio egokiak izateko hausnarketa antolatuz, eta herriko merkataritza bultzatu, jendeak herrian bertan erosi dezan.
Beñat Gorospek 36 urte ditu, ezkondua da eta bi seme txiki ditu. Arabako Parke Teknologikoan egiten du lan eta bere herriaz “maiteminduta” dagoela dio. “Herri lasaia eta txikia izanda ere, oso bizia da. Gainera, leku ezin hobean kokatuta dago, Urkiola eta Gorbeako parke naturalen artean, eta hori nire moduko persona batentzat, alegia, mendia gustoko duenarentzat, zoragarria da”. Are gehiago, mendi lasterketetan ere parte hartzen du Gorospek, eta familiarekin eta lagunekin batera herriaz gozatzea ere biziki maite du.